2011/10/21

neure borroka ez dut geldituko

ETAk armak utzi ditu. Duda barik, atzokoa egun garrantzitsua izango da Euskal Herriko historiaren aro berrian. Oraindino sentimendu gazi-gozoak baditugu ere, ezin dugu ahaztu egun mugarri honen garrantzia. Azkenik euskaldunok argi izpiak ikusten ari gara zulo beltzaren amaieran.

Argi izpiek ordea ezin gaituzte itsutu. Urte luzeetako zulotik ateratzeko indarra eta kemena behar-beharrezko izango ditugu datozen urteotan. Izan ere, Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoa ez da amaitu ETAren erabaki horrekin.

Gatazkaren konponbidean eragileek, alderdiek, gobernuek eta enparauek lan zatia egin beharko dute, hori diote komunikabideek. Baina nire ustez, lan gehiena guri dagokigu; euskal herritar xumeoi. Eta une honetan, norberari dagokio bere burua ondo kokatzea. Herrian sinesten duen orok bere ekarpena egiteko aukera paregabea dauka, inolako aitzakiarik gabe, inolako oztoporik gabe.

Atzera begiratuta, XXI. mendeko Euskal Herrian borroka armatuak ez zuela lekurik jende askok esan du. Ni neu horietako izan naiz. Baina era berean gure nortasuna, hizkuntza eta herriaren aldeko borroka aktibatu behar dugula ozen esan nahi dut. Bi puntu horiek aitortu eta estrategia bateragilea bilatzeagatik, batzuen mespretxua eta beste askoren indiferentzia pairatu izan dugu. Traidore eta “salduak” batzuentzat, “betiko erradikalak” beste askorentzat.

Horregatik eta aurrera begiratzeko memoria behar dugulako, Lizarra-Garazi akordioa baino lehen eta Aieteko konferentziaren ostean sentitzen dudana bota nahi izan dut.

Amaitzeko, Joxe Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”k 2000ko azaroan eskaini zuen elkarrizketa baten azken pasartea zuokin konpartitu nahi dut; neure borroka ez dut geldituko Berak nik baino hobeto irudikatu zuen nolako borroka dugun beharrezko inposatu ziguten gatazka horrekin amaitzeko.

Gaur borroka armatua eta kale-borrokari eutsi behar zaio?

Nire ustez momentu honetan gauzak dauden bezala egonda, borroka armatuak ez du mesederik egiten. Hemen batzuk pentsatu dute (eta genuen, garai batean): gauden egoeran egonda, beste antzerako herrietan zer egiten dute? Borroka armatua, eta leku askotan esperientziak hori erakusten du. Baina horrek ez du esan nahi, nahitaez, eta mementu guztietan hori egin behar denik: malgutasuna izan behar da hor. Mementu honetan ikusten bada blokeo bat, Espainia guztia batuta dagoela gure kontra, eta La Fontaine Europako presidente nazkagarri hori berdin, zer egin egoera honetan? Noiz arte jarraitu beharko da atentatuak egiten etsaia mugiarazteko? Orain arteko panorama aldatu behar dugu, orain inpasse batean gaude. Nik uste garaia dela saio politiko bat egiteko; baina ez politika parlamentarioa (hori behar bada egin dezatela, baina nik ez dut horretan sinesten), baizik eta desobedientzia zibilaren politika, gandhismoa: masiboa, gogorra. Nik uste horrek desblokeatuko lukela arazoa, bestela borroka armatuaren bidez Espainia eta Frantziak iraungo dute nahi duten guztia, eta gehiago. Gure arteko batasunak kezkatzen ditu Madrilen: orain desobedientzia zibiletik joko ote dugun daude kezkatuta. Gandhismoa bultzatuko nuke. Eta Gandhik egiten dituen gauzak, egin egin behar dira, gero! Hemen jendeak Gandhi gizon inozotzat hartzen du eta Gandhi inork baino energia eta ausardia handiagoa zuen gizona zen, gogorra! Nik ez dut neure borroka geldituko, nik tiroak gelditzea nahi dut, baina gainerantzeko guztia aurrera!


Samin eta malkoz - Anje Duhalde

1 iruzkin:

  1. Bitxia bada ere, atzo berria entzun nuenean poztu nintzen segur, aro berri bat da, konponbidearen atarirakoa, ... eta bestalde, sendimendu bitxi bat ukan nuen.
    Azaltzeko: bizi osoa iragan dut ETA-ren itzalarekin. Ekintzak, atxiloketak, errefuxiatuak, lagunak sasian edo preso, mobilizazioak, amnistia egunak, bidaiak asteburutan, ukatu bisitak, fitxaketak, galdeketak, auziak, bazkariak... eta giro horietan, dinamika horietan bizi izan gara frango betidanik.
    Beti esan da helduko zela eguna hori guzia bukatuko zela eta hala desiratu ere.
    Atzo heldu da. Eta niri inpresio bitxi bat utzi dit, panorama aldaketa hutsa baino holako hutsune handi batena. Eta ausartuko banintz esango nuke betidanik ondoan bizi izan den kide baten desagertzearena egin didala. Hainbesteraino nun, baldin badakit ere zeregin izango dela, zaila zaidan etzi goiza nolakoa izango den imaginatzea. Borroka uzten ez denean, "gainerantzeko guztia" egiteko molde egokiaren bidea adostea ez da ebidentzia bat.

    ResponderEliminar