Trianoko burdin gorriaren alaba txiroa da nire herria, Ortuella. Historiak dio, 1.876. urtean Hirugarren Karlistaldia galtzearekin bat meategien ustiaketa “liberalizatu” zela. Une horretara arte denona zen aberastasuna gutxiren esku geratu zen betiko. Hurrengo urteetan heldu ziren gizon-emakume xumeak ere betiko ustiaketa horretara kondenatuko ziren; horien artean Karrantzatik etorri zen aitona.
Meategien azpian sortu, eta haien ustiaketa basatiari lotuta egon zen beraz, Ortuella. Benetako ustiaketa ordea, bestelakoa izan zen. Gosea, heriotza, zapalketa, borroka latzak... Denak gelditu dira gure herriaren memorian, baita batzuen bihotz gorrietan ere.
Borroka horien artean ezagunena 1890eko greba izan zen. Garai hartako langileen eskakizunen artean “barrakoi”en deuseztapena zegoen. Asko borrokatu behar izan zuten orduko meatzariek euren eskubideen alde, berdin borrokatu beharko genuke gaurko langileok gureak galduko ez baditugu.
Gaur, paseatzera irten garenean Barrakoia deritzon aldera heldu gara, egun herriko arnasgunea dena. Leku berde bakarra asfalto artean, oraingo ustiapen basatiari so. Bertan argazkian azaltzen den seinalea ikusi dut. Inork debeku seinaleari bihotza margotu dio, debekuaren aurrean askatasuna zilegi dela aldarrikatzeko. Seinaleari argazkia atera diodanean Joseba Sarrionaindiaren Hitzen ondoeza liburuko pasarte batekin akordatu naiz. Meatzaldeko langileen kemena gogorarazteko balio izan didanez, zurekin konpartitu nahi dut.
Legebidea.
Errespetoa merezi duen arautegi bakarra trafiko arautegia dela esan omen zuen, Herbert Marcuesek.
Baina semaforoak hamaika urtez aldaketarik gabe gorria markatzen badu, orduan ez du errespetorik merezi.
Forjarien kanta - Oskorri
Forjarien kanta, Eibarkoa ei da "gure fabrika" dio-eta.
ResponderEliminarHalaxe da Leire, kantu-manifestua zeure herrian sortu zen, 1911ko huelga baten oker ez banago. Porzierto, horixe bera izan zen Ortuellako AEKn euskara ikasten hasi nintzenenan irakatsi zidaten lehen abestia.
ResponderEliminar