2011/07/16

nire inguruan diru asko

Nire inguruan diru asko irabazten duen
jende asko ezagutu dut.
Udaletxeetako zinegotziak, esaterako.
EAJkoak dira, hogeita hamar urtetik beherakoak,
beste lan bat eginez
udalean ordu batzuk sartzen dituztenak.
Dena kobratzen dute, lana eta udala.
Diru asko kobratzen dute herriaren alde lan egiteagatik.
Hilean hiru mila eurora iristen dira aise.
Gaur banandutako emakume bat joan da udalera
pobreziaren aurkako dirulaguntza eskatzera.
Hilean berrehun eurotakoa da laguntza hori.
Beraz, urtean ez du kobratuko udaleko zinegotzi gazteak
hilabete bakar batean irabaziko duena ere.
Paperak betearazi dizkiote emakumeari.
Bere egoeraren ulermen prozesua baino,
bere beharren sailkapen bidea baino
kontrol finantziero-polizialaren itxura
hartu die paperei.
Aztertuko dutela agindu diote.
Izango duela erantzuna laster.
Badaki txikikeria bategatik atzera bota diezaioketela.
Orain ulertzen du pobre asko zergatik ez diren agertzen
euren pobrezia demostratzera.
Orain badaki zein sistema darabilen faxismoak
pobrerik ez dagoela demostratzeko.

Pako Aristi - Libreta horiko poemak

Enano maldito - Quilapayun

0 iruzkin:

Enviar um comentário